Patologia

Juanikoteak

Juanikote bat oinaren aldeko irtengune bat da, behatz lodiaren artikulazioaren parean azaltzen dena. Zenbait kasutan, behatz lodia behatz txikietarantz desbideratuta egoten da eta horien posizioari eragiten dio.

Zergatik azaltzen dira juanikoteak?

Oro har, aurrejoera genetikoa izaten da eta aurrejoera duen oin-mota heredatu egiten da. Oin zapalek edo malguegiek juanikoteak edo bestelako alterazioak garatzeko joera izaten dute. Beste kausa batzuk traumatismoak, artritis erreumatoidea eta gaixotasun neurologikoak eta bihotz-hodietakoak izan daitezke. Horrez gain, nolabaiteko aurrejoera duten oinetan, zenbait oinetakok juanikotea garatzen laguntzen du; horregatik, emakumeek, erabiltzen duten oinetako-motaren ondorioz, gehiago jasaten dute patologia hori.

before

Zer sintoma ditu?

Askotan mina ez dator deformazioarekin bat; juanikote irtenek batzuetan ez dute min handirik ematen eta deformazio txikiek min handia eragin dezakete. Normalean, mina oinetakoaren marruskadurak eragiten du. Gorritasuna eta hantura ere eragiten ditu eta burtsitisa izan daiteke azken ondorioa. Denborarekin mina areagotu egiten da eta oinez ibiltzea eta oinetakoak behar bezala janztea zailtzen du. Juanikotea azaldu zenetik hainbat urte pasatakoan, artikulazioaren desbiderapenak osteartritsis mingarria eragiten du, behatza ezin mugitzeraino. Juanikoteek behatz txikiei ere eragiten diete, batez ere lodiaren albokoari, lodiaren desbiderapenaren ondorioz okertu egiten delako eta azkenean kailu mingarria izaten duen mailu erako behatza bihurtzen delako.

Zein tratamendu dira egokiak?

Mina oso handia ez denean, tratamendu mantentzailea da egokiena. Oinetako zabal eta erosoagoak, takoi baxuagokoak, erabiltzea eraginkorra izan ohi da. Medikazioak eta krema antiinflamatorioek mina kentzen laguntzen dute. Tratamendu mantentzaileak arrakastarik ez duenean eta oinetakoak janzteko arazoak daudenean, tratamendu kirurgikoa da aukerarik onena. Zenbat eta beranduago operatu juanikotea, handiagoa da artritisa eta zailagoa kirurgia.

Portda Video Operación de Juanetes

Noiz eta nola operatu behar dira juanikoteak? (hallux valgus)

Clínica Benegas-en hamazazpi urte baino gehiagoko eskarmentua dugu alor horretan eta, gure emaitzen babesarekin, juanikoteak lehenbailehen operatzeko gomendioa egiten dugu, minak komenigarri egiten duenean edo alboko behatzari eragiten hasten den bezain laster. Zenbat eta txikiagoa izan deformazioa, teknika kirurgikoa arinagoa eta emaitzak hobeak dira. Clínica Benegas-en zientzia komunitatean egiaztatutako teknikak erabiltzen ditugu eta, juanikoteen kasuan, garrantzitsua iruditzen zaigu deformazioa konpontzea, ez hezurra moztu edo higatzea, artikulazioa berriz kokatzea baizik, etorkizunean emaitza onak izateko.

Kasu gehienetan operazioak anbulatorioak izaten dira eta anestesia lokalarekin egiten dira. Kirurgiaren ondoren, pazientea bere kabuz ibil daiteke kirurgia-ondoko oinetakoekin. 10-15 egunetan oinetako horiek erabili beharko ditu eta, ondoren, oinetako bigunak eta kirolekoak erabiltzen hasi ahal izango da, zikatrizazioa amaitutakoan ohiko oinetakoetara itzultzeko.

Mailu erako behatzak

Mailu erako behatzak erdiko artikulazioa kurbatuta duten behatzak dira eta ohikoenak 2 eta 3. behatza izaten dira. Kurbadura bikoitza, erdikoa eta distala da; atzapar-behatzak dira. Behatzaren kurbadurak oinetakoekin marruskadura handiagoa izatea eragiten du eta, ondorioz, kailua edo hantura sortzen da. Garrantzitsua da azpimarratzea kasu horretan kailua ez dela larruazaleko arazoa, larruazala hezur irtenak oinetakoarekin marruskadura egiten duelako narritatzen dela baizik.

Zerk eragiten ditu mailu erako behatzak?

Oin zapalak, oin sakonak eta oin oso malguak arazo horiek izateko aurrejoera dute. Beste kausa batzuk behatz luzeegiak, artritis erreumatoidea eta neurologiako eta bihotz-hodietako alterazioak izatea dira. Emakumeek gehiago jasaten dute oinetako-motagatik eta behatzak estutzen dituzten mediak erabiltzeagatik.

Zer sintoma ditu?

Mina eta kailuak oinetakoak eremu horretan eragindako marruskaduraren ondorio dira. Etengabeko marruskadurak gorritzea eta hantura eragin ditzake, bai eta burtsitisa ere. Lehen fasean deformazioa malgua da, baina ez bada tratatzen gogortu egin daiteke, behatzeko edo oin-zolako mina areagotuz. Mailu erako behatzak juanikoteen ondorio ere izan daitezke. Behatz lodiaren desbiderapenak, ez bada garaiz tratatzen, beste behatz batzuen deformazioa eragin dezake.

before

Zein tratamendu dira egokiak?

Mina neurrizkoa denean, tratamendu mantentzailea eraginkorra izan daiteke. Behatzak mugitzeko aukera ematen duen oinetako zabalagoa erabiltzeak, bai eta deskargek eta silikona digitalek ere, hobera egiten laguntzen dute. Ez dugu gomendatzen kailuen kontrakoak erabiltzea, ehun ona zein txarra erretzen dituztelako eta ultzerak eta infekzioak eragin ditzaketelako. Tratamendu mantentzaileak funtzionatzen ez duenean edo oinetakoak eroso sentitzen ez direnean, tratamendu kirurgikoa gomendatzen da.

Noiz eta nola operatu behar dira mailu erako behatzak?

Clínica Benegas-en mailu erako behatzak lehen faseetan zuzentzea gomendatzen dugu, errekuperazioa hobea baita. Zenbat eta gehiago atzeratu kirurgia, deformazioa areagotu egiten da eta erabili beharreko teknika kirurgikoa konplexuagoa da. Desbiderapena malgua eta erreduzigarria denean, tendoiak askatzea nahikoa izaten da. Desbiderapena gogorra denean, behatza berriz lerrokatu behar da eta batzuetan pin bat jartzen da zikatrizatzen den bitartean behatza zuzen mantentzeko. Anestesia lokalarekin egiten dira operazio horiek eta, kirurgiaren ondoren, pazientea kirurgia-ondoko oinetakoekin ibil daiteke. Zikatrizatzen doan heinean, pazientea bere ohiko oinetakoak erabiltzen has daiteke.

Haragian sartutako azazkalak (onikokriptosia)

Azazkala inguruko haragian sartzen denean gertatzen da eta oso ohiko alterazioa da haurrengan nahiz helduengan. Ohikoena behatz lodian azaltzea da.

Zergatik azaltzen da onikokriptosia?

Azazkalaren kurbadurako sortzetiko alterazioen, traumatismoen, azazkalak behar bezala ez moztearen, oinetako estuegiak erabiltzearen edo juanikoteak edo mailu erako behatzak bezalako deformazio digitalen ondorio izan daiteke.

Zer sintoma ditu?

Sintomatologia desberdinak ditu: min arina edo hantura eta zornedun drainadura duen infekzioa.

Zein tratamendu dira egokiak?

Kasurik arinenetan, azazkala haragian ez sartzeko berrezten saia daiteke podologoa, baina larrienetan behin betiko konponbidea bilatu ohi da: interbentzio kirurgiko txiki bat egitea, azazkalaren izkina bakarrik kenduz sorburutik; horrela, ez da berriz haragian sartzen.

Orpoko mina

Kasu askotan mina oin-zola behatzetatik orporaino zeharkatzen duen lokailu baten tentsio edota hanturaren ondorio izaten da. Lokailu horrek Oin Zolako Faszia du izena. Korrika egin, denbora luzez zutik egon edo pisua hartzeak Faszia gainkargatu eta handitu dezake. Bizkarreko, aldakako edo belauneko minaren ondorioz zapaltzeko modua aldatzea edo arku beheratuko oin zapala izateak ere mina eragin dezake. Adinekoen kasuan, oin-zolako gantza galtzeak ere zerikusi handia du.

Mina ohikoagoa izaten da orpo bakarrean, nahiz eta biei eragin diezaiekeen. Gizon eta emakumeek aurrejoera bera dute. Orpoaren erradiografiak Faszia sartzen den eremuan hezur ezproi bat erakuts dezake, nahiz eta orpoko mina dutenen erdiek ez duten ezproirik eta minik ez duten helduen % 15ek ezproia izaten duen. Ez dago erlazio zuzenik ezproia izatearen eta orpoko minaren artean.

Nolakoa izan ohi da mina?

Mina ohetik jaikitzerakoan azaldu ohi da, edo pixka batean eserita egon ondoren; ziurrenik mina gutxitu egingo da oinez ibiltzen den heinean, nahiz eta egunaren amaieran okerrera egin dezakeen asko ibiliz gero.

before

Zein tratamendu dira egokiak?

Kasurik arinenetan neurri mantentzaileek mina arindu dezakete:

  • Oinetako lauak saihestu eta oinutsik ez ibiltzea.
  • Zoru irregular eta bigunetan ez ibiltzea (belarra edo hondarra).
  • Korrika edo jauzi-ariketarik ez egitea. Igeri egin eta bizikletan ibiltzea gomendatzen da.
  • Izotza jartzea 10 minutuz.

Neurri horiekin ez badu hobera egiten, oina neurrirako barne-zolekin egonkortu behar da Fasziari atseden emateko. Kasurik konplexuenetan, anestesia lokalarekin egindako operazio batekin emaitza oso onak lor daitezke.

Haurren oinetako alterazioak

Egun gurasoak beren seme-alaben garapen egokiaz arduratzen dira. Barne-zolak edo oinetako zuzentzaileak erabili zituzten gurasoek jakin nahi dute beren seme-alabek ere behar ote dituzten. Jarraian, alteraziorik ohikoenak deskribatuko ditugu, normaltzat hartzen dena eta ez dena baloratzeko.

Oin zapala

Termino zientifikoa oin pronatua da. Zapaltze arina normala da baina gehiegizkoak juanikoteak edo orpoko mina eragin ditzake helduengan.

Oin-mota hori heredatu egin ohi da. Normala da 4-5 urte bitarteko haurrek zapaltze arina izatea umetokiko posizioaren eta zangoen garapenaren ondorioz. Zure seme edo alabak 3-4 urte baino gehiago baditu eta bi oinak desberdinak baditu edo karranpak dituela edo oso nekatua dagoela esaten badu, edo senitartekoren batek oin zapalak izan baditu, podologo espezialista batekin kontsultatu beharko zenuke.

before

Pie plano infantil antes de operar:

Pie plano antes de operar

Pie plano infantil con pie dho operado:

Pie plano después de operar

Hanka puntetan ibiltzea

Goiz ibiltzen hasten diren haurrak hanka-puntetan ibili ohi dira, baina 6 hilabete ondoren joera hori zuzendu egin behar da. Horrela ibiltzen jarraitzen badu, komeni da espezialistarekin kontsultatzea arazo neurologikoak edo eskeleto-muskulukoak ez direnaz ziur egoteko.

before

X formako zangoak

Haurraren garapen arruntaren parte da, 2 urte dituenetik 6-7 urte betetzen dituen arte. Mina edo ohiko erorketak ere baldin baditu, edo bi zangoak desberdinak badira, komeni da espezialista batekin kontsultatzea.

Oinak barrurantz sartuta ibiltzea (adukzioan ibiltzea)

Gainerako alterazioetan bezala, prozesu hori baldintzatzen duen osagai genetiko bat dago. Adukzio arina normaltzat har daiteke, joera nagusia 7-8 urtetan desagertzea izaten den arren. Haurra behatzak barrurantz begira dituela jaiotzen bada eta oinak “C” forma hartzen badu oin-zolatik begiratuta, lehenbailehen espezialistarekin kontsultatzea gomendatzen da, desbiderapena zuzentzeko.

Zango okerrak

Uteroko posizioaren ondorioz, jaiotzen direnean, haurrek zango okerrak dituzte. Joera hori 2-3 urte dituztenean desagertu ohi da. 3 urte ondoren irauten badu, espezialistarekin kontsultatu beharko litzateke.

Kirol lesioak - oina kirolean

Kirol gehienetan korrika egiten da eta, orduan, oinek jasotzen duten karga bikoiztu edo hirukoiztu egiten da, abiaduraren arabera. Gainkarga horrek zaintza bereziak behar ditu lesioak saihesteko.

Kirol jarduerarako oinetako egokiak erabiltzea funtsezkoa da eta gehienetan neurrirako barne-zolak beharrezkoak dira kontrol biomekanikoa egin eta indargetzea hobetzeko.

before

Kirol-lesioen motak

Kirol motaren eta egiten den mugimenduaren arabera, lesio batzuk izateko aurrejoera handiagoa da.

Oina behin eta berriz lautzeagatiko lesioak

Maratoia eta krosa bezalako karrerako kiroletan, oinaren arkua etengabe lautzeak (gehiegi pronatzea) oin-zolako faszian eta tendoietan tentsioa eragiten du. Egoera txarrean dauden zapatilak erabiltzeak eta azalera gogor edo irregularretan korri egiteak lesioak izateko aukerak handitzen dituzte. Oin-zolako faszitisa, Akilesen orpoko tendinitisa eta periostitisa gehiegi pronatzearen ondorio dira.

Behin eta berriz jauzi egitearen ondoriozko lesioak

Jauzi egiterakoan, kargak oinaren aurreko aldera eramaten dira, zola guztira beharrean. Saskibaloia, eskubaloia eta boleibola bezalako kiroletan, oinaren aurreko aldeko estresa handitu egiten da eta hezur metatartsianoetan "estres" hausturak gerta daitezke.

Alboko mugimenduen ondoriozko lesioak

Tenisa bezalako kiroletan oso azkar aldatu behar da norabidez. Mugimendu horiekin artikulazioek gehiago sufritzen dute eta lokailuen haustura eragin dezakete. Orkatilako zaintiratuak, maila desberdinetakoak, ohikoak dira kirol horietan.